XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sari mamitsuak gaurko herri kirolaririk onenentzat
Lau bikote apuntatu dira Euskadiko I. Tetratlonako.

Badira urte batzu Donostiako CATri Pentlatona antolatzeko ideia bururatu zitzaionetik.

Jasotako arrakastagatik, pentsa zitekeen horrelako beste probak eratzea gauza interesgarria izango zela.

Eta beste jende askok ere hala izan zela pentsatu duela dirudi, oraingoan behintzat Euskadi Irratia antzeko proba bat antolatzera ausartu da eta.

Pentlaton hartan bost modalidade desberdinak zaildu behar ziren moduan, tetratlon honetan lau izango dira saiatu beharreko kirol desberdinak: harrijasoketa, aizkolaritza, korrika egitea eta gizon proban aritzea.

Esan bezala, duela urte bat inguru sortu zen Euskadi Irratia da sari hau antolatu duena eta hasera batetan martxoaren 4erako egitea pentsatua bazegoen ere, antolatzaileak izena emateko epea atzeratu beharrez egon ziren eta azkenik badirudi maiatzaren 6a dela behin-betiko tetratlon horretarako pentsatua dagoen data.

Lekua, nola ez, Tolosako zezen-plaza.

Mendizabal eta Arria II, bikote nagusia
Hauek dira izena eman duten lau bikoteak: Arria III eta Usategieta III, Olasagasti eta Agitte, Arregi eta Etxebeste, eta Joxe Mari Mendizabal eta Arria II.

Lauron artean interesgarriena eta egin beharreko lana ikusita irabazteko posibilitate handienak dituena aipatu dugun azkena da dudarik gabe, Arria IIk eta Mendizabalek osatzen dutena alegia.

Gutxik izango dute Mendizabalek daukan abilidadea eta indarra zenbait kirol desberdinetan primeran aritzeko.

Aizkoran, litekeena da txandaka aritzea bikote bakoitzeko biak baina beste hiru lanetan pertsona bakar batek aritu behar izango du txandakatzea ezinezkoa izango delarik.

Egin beharreko lana, zehazkiago ikusita, honakoa izango da, 125 kiloko harri kubikoarekin 25 altxada egin beharko dira, aizkorarekin 72 ontzako sei enbor ebaki beharko dira enborrak zutik egongo direlarik, ehun metroko zirkuitoan sei kilometroz korrika aritu behar izango da, eta azkenik gizon-proban 400 kiloko harriarekin plaza bat burutu behar izango du bikote bakoitzeko indartsuenak.

Sariak, berriz, ondoren diogun bezala banatuko dira.

Lehenak 200.000 pezeta eskuratuko ditu, bigarrenak 140.000, hirugarrenak 100.000, eta laugarrenak 60.000.

Aurretik ere lau sari zeuden ipiniak eta lau besterik presentatu ez direnez guztiek jaso ahal izango dute saririk.

Hasiera batetan pentsatu izan zen Tetratlon hau baliagarria izango zitzaiela kirolariei Pentlaton nagusirako prestatzearren baina azkenik eta fetxekin sortu diren iskanbilak direla medio, ezinezkoa izango da ziur aski Pentlatona lehenago jokatuko delako.

Halere, pentsatzen dugu honelako proba batek ez duela zergatik beste baten prestakuntzazko gisako ezer izan behar, berez nortasunik nahikoa badauka eta.